Kanpaina berria Bizkaian eskola-kirola egiten duten umeei KirolaON ezagutarazteko

Itzuli

Xehetasuna

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina berri bat abiarazi du eskola-kirola egiten duten adingabeei KirolaON tresna ezagutarazteko. Hurrengo asteetan, guztira 46.000 eskola-umek jasoko dute etxean informazio-gutun bana eta tresnaren irudia duen giltzatako bana. Era berean, helburu berarekin, Foru Aldundiak, informazio-kartelak argitaratu, eta seinale espezifikoak prestatu ditu, lurraldeko kirol-instalazioetan jartzeko, udalen eta kirol-entitateen laguntzarekin.

Ekimen honen helburua da gazteei KirolaON zuzenean ezagutaraztea, edozein zalantza, ezinegon edo susmo izan bezain laster erabiltzera bultzatzeko, are modu anonimoan eta konpromisorik gabe ere.

2024an sorturiko KirolaON ekimena komunikazio-kanal irekia, lasterra eta konfidentziala da, eta kirol-arloan adingabeen ongizatea hobetzea du helburu. Bidea ematen du indarkeriazko edo ezinegonezko edozein egoera modu integral eta koordinatuan kudeatzeko, hezkuntza-irtenbideak eskainiz, kasu larriak bideratuz eta kirolariei, haien klubei zein umeak babesteko arduradunei lagunduz.

Tresnaren atzean, diziplina anitzeko lantalde bat dago, umeen babesean espezializatutako zenbait profesionalek osatua. Profesional horiek esku hartzen dute komunikazioa jasotzen denetik ebatzi arte, betiere ikuspegi prebentziozkoa eta hezigarria harturik.

Zerbitzuaren balantzea

Abian jarri zenetik, 2024ko urriaren 3tik, partikularrek, klubek eta erakundeek etengabe erabili dute KirolaON. Ezarri zen lehenengo urtean, 144 kasurekin lotutako 440 komunikazio jaso ziren, eta haietako hiru auzitara eraman ziren.

2025-2026 ikasturtean, 49 komunikazio jaso dira, gehienak helduek eginak (senideek, teknikariek edo taldeen ordezkariek). Kanpaina berri honen bidez, adingabeek eurek zerbitzua erabiltzea sustatu nahi du Aldundiak.

Klubetako eta partidetako jarduna

Gainera, parte-hartze handieneko kiroletan —futbolean eta saskibaloian, esaterako— sentsibilizazioa indartzeko, Errespetua hitza duten pankartak banatuko dira eskola-kiroleko kluben artean. Taldeek partiden aurretik erakutsiko dituzte, ikusleak kontzientziatzeko eta kirol-ingurune errespetuzkoagoa sustatzeko. Datuen arabera, ingurune horretan gertatzen dira gorabehera gehienak. Joan den ikasturtean, 13 gertakari detektatu ziren harmailetan, eta horixe da hirugarren indarkeria motarik ohikoena. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Sailak erabaki du prebentziozko ekintza espezifiko batez esku hartzea.