Bizkaiak Eskolarteko Jokoen 43. edizioko finalak izango ditu maiatzean

Itzuli

Xehetasuna

7.000 haur inguruk hartuko dute parte Bizkaiko Eskolarteko Jokoetako maiatzeko finaletan. Lurraldeko udalerri batean baino gehiagotan egingo dira eta, guztira, 35 kirol-modalitate izango dituzte.

Maiatzaren 9an hasi dira Bizkaiko Eskolarteko Jokoen 4. edizioko finalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuak Bizkaiko kirol-federazioekiko lankidetzan antolatuak. Lehiaketak ondoz ondoko hiru asteburutan egingo dira —maiatzaren 9an eta 10ean, 16an eta 17an, eta 23an eta 24an— Bizkaian, eta 7.000 adingabe inguruk hartuko dute parte.

Guztira, 35 final izango dira, modalitate bakoitzeko bat: atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, futbola, pilota, boleibola, txikiboxa, hezikia, herri-kirolak, gimnastika erritmikoa, karatea, igeriketa, tenisa, arraunketa, piraguismoa edo errugbia, besteak beste. Eskolarteko Jokoetako finalak topagune eta bizikidetzarako espazio dira; izan ere, parte-hartzaileek erakutsi ahal izango dute zeinen trebeak diren kiroletan, eta azalarazi zein diren hezkuntza-kirolaren printzipioak. Halaber, jarduera guztietan, euskararen erabilera eta ingurumenarekiko errespetua sustatuko dira.

43 edizioren ostean, Bizkaiko Eskolarteko Jokoak eskola-kiroleko ekimen sendoa dira, lurraldeko ibilbide luzeena baitute eta urterik urtera milaka haur biltzen baitituzte. Edizio honetan, udalen lankidetzari esker, udalerri askotan egingo dira finalak: Arrigorriaga, Basauri, Bermeo, Bilbo, Durango, Erandio, Galdakao, Gernika-Lumo, Getxo, Iurreta, Mallabia, Ondarroa, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Zalla eta Zierbena.

Finalei buruzko informazio guztia —datak, modalitateak eta lekuak— bizkaia.eus webgunean kontsulta daiteke bilatzailearen laguntzaz, eta mapa batean ere topatu ahal izango dira jarduerak eta udalerriak.

2025-2026 Eskola Kirola

Ikasturte honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Eskola Kirola programak, guztira, 54 lehia-jarduera eta hastapenerako eta jolaserako 23 diziplina eskaini ditu; horretarako, 542 ikastaro antolatu ditu, eta, guztira, 8.754 plaza daude. Kopuru horiei erreparatuta, ikus daiteke aurreko ikasturtean baino 600 plaza gehiago direla, helburua baita gero eta haur gehiagori aukera ematea kirola egin dezaten.

Arrizabalagak azpimarratu du Bizkaiko Eskola Kirolak duen parte-hartzea handia dela eta urterik urtera handitzen doala. Aurreko ikasturtean, 42.000 ikasle baino gehiago bildu zituen programak, eta, aurtengoan, aurreikusita dago 46.000 izen-emate inguru lortzea. Bizkaiko Foru Aldundiak 2.411.000 euroko inbertsioa bideratuko du Eskola Kirola garatzera.