Bizkaia Kirolur 2026: Mugarri bat lurraldeko kirol-sistemarako

Itzuli

Xehetasuna

2026a urte historikoa izango da Bizkaiko kirol-sistemarako, ACES Europek Europako Kirol Lurralde izendatu ondoren. Bizkaia Kirolur lelopean, ekitaldi handietatik harago, egunero-egunero jarduera fisikoa egitea ahalbidetzen duen kirol-sarea benetako protagonista izango duten hamabi hilabete bizitzeko prestatzen ari da lurraldea.

Urtean zehar, Bizkaiko kirol-sistema osatzen duten pertsona eta eragile guztien —klubak, federazioak, teknikariak, boluntarioak, familiak, kirolari profesionalak eta oinarrizko kirolariak— lana aitortu eta eskertu nahi da, bai eta Bizkaiko Foru Aldundia azken urteotan lantzen ari den mezua indartu ere: kirola oso garrantzitsua da gure bizitzan, bizitzako etapa guztietan eta pertsona guztientzat, edozein dela ere haien adina, generoa, gaitasuna edo egoera sozioekonomikoa.

Egutegiaren barruan izan ohi diren kirol-lehiaketa, -proba eta -ekitaldiez gain, Bizkaiak jarduera-programa espezifiko bat izango du 2026an, izendapen hori ospatzeko eta Bizkaia Kirolur ezagutzera emateko, herritarrei zein kanpokoei.

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak adierazi duenez, aurten, pertsona guztiak kirol-jarduerara hurbiltzeko jarduerak bultzatuko dira, edozein izanik ere haien egoera. "Kirola jarduera fisiko osasungarri gisa ulertzen dugu, ongizate fisiko eta emozionala ematen duena, baina, batez ere, harreman sozialak eta komunitatea eraikitzen dituena. Horregatik, Bizkaiak aurten Kirolaren Europako Lurralde gisa duen titulua, beste ezeren gainetik, hori posible egin duten milaka pertsonen aintzatespena da."

Berria