Bizkaia, 2026ko Kirolaren Europako Eskualde izendatua

Itzuli

Xehetasuna

Bizkaia izendatu dute ofizialki 2026ko Kirolaren Europako Eskualde, Europako Batzordearekin lankidetzan ACES Europe erakundeak emandako aintzatespen entzutetsua.

Bizkaiko Foru Aldundiak aste honetan bertan jaso du ACES Europe-ren jakinarazpen ofiziala, Bizkaiko lurraldearen aukeraketa berresten duena. Aldarrikapen-ekitaldi ofiziala datorren abenduan izango da, Europako Batzordeak Bruselan duen egoitzan.

Izendapen hori ebaluazio-prozesu zorrotz baten emaitza da, eta horren barruan dago joan den maiatzean ACES Europe-ko ordezkaritza batek Bizkaian egindako bisita. Egonaldi horretan, ordezkariek bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten kirol-azpiegiturak, natura-inguruneetan, baita hiri-inguruneetan praktika sustatzearekin lotuta Aldundiak bultzatutako proiektuak ere, proiektuon arduradunekin egin zuten bileran; beraz, balioetsi ahal izan zuten azpiegitura horiek bat zetozela erakundeak ezarritako irizpide zorrotzekin

Ahaldun nagusiak martxoan aurkeztu zuen hautagaitza, Bizkaia Kirolak Sariak banatzearekin batera. Kirolur lelopean — "kirol" eta "lur" hitzen lotura, Bizkaia kirolerako lur gisa irudikatzen duena, itsasokoa zein lehorrekoa —, proposamenak argi uzten du erakundeek apustu sendoa egiten dutela kirolaren alde, kohesio sozialaren, osasun publikoaren eta garapen iraunkorraren eragile baita.

ACES Europek Bizkaiak kirolaren balioekin duen konpromisoa baloratu du, eta nabarmendu egin du horrek duen garrantzia herritarrak gizarteratzeko eta haien ongizatea nahiz bizi-kalitatea hobetzeko tresna den aldetik. Kirolaren Europako Eskualde izendapena bultzada erabakigarria izango da lurraldean kirolaren praktika indartzeko eta Bizkaian dagoen ongizateari lotutako kirol eredua nazioartean proiektatzeko.

Berria