Kirolur Ur Kirol Festak uretako kirolak hurbilduko dizkie herritarrei Bilboko itsasadarrean

Itzuli

Xehetasuna

Ekainaren 20an, Bilboko itsasadarrean, Kirolur Ur Kirol Festa ospatuko da, Bizkaian egiten diren uretako kirolak ezagutzera emateko eta modalitate guztiak herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.

Ekimena Bizkaia Kirolur programaren baitan kokatzen da. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du, Bizkaia 2026ko Kirolaren Europako Lurralde izendapenaren harira. Programaren ildo estrategikoetako bat da federazioek, klubek eta ur-inguruneari lotutako kirol-eragileek, bai itsasadarrean bai Bizkaiko kostaldean, garatzen dituzten jarduerak sustatzea eta balioestea.

Eguna hasteko, ontziak jaitsiko dira Zubi Zuri eta Euskalduna zubien artean, eta hainbat kirol-modalitatek hartuko dute parte: arrauna, piraguismoa, bela, stand up paddle eta dragoi boat, besteak beste. Irteera 10:30ean izango da eta helmuga Euskalduna Zubiaren inguruan dago aurreikusita. Bertan, parte-hartzaileen argazki bateratua egingo da.

11:30etik aurrera, Euskalduna kaia kirol-topagune eta -dibulgaziorako gune bihurtuko da, publikoari irekitako jarduerekin. Bertaratzen diren pertsonek uretako hainbat diziplina gertutik ezagutzeko aukera izango dute, baita horietako batzuk Euskalduna kaiko pantalanetik probatzekoa ere.

Gainera, goiz osoan zehar, hainbat kirol-modalitatetako informazio-karpak, simulagailuak eta erakusketa-espazioak jarriko dira, Bizkaiko urarekin lotutako kirolen aniztasuna eta aberastasuna erakusteko. Egitaraua musika eta dinamizazio jarduerekin osatuko da, jai giro parte-hartzailea sortzeko.

Kirolbide PRO guneak kirolzale guztiak eta modalitate berriak ezagutu nahi dituztenak animatzen ditu Kirolur Ur Kirol Festara hurbiltzera eta Bilboko itsasadarraren inguruan jardunaldi paregabe batez gozatzera, esperientziak partekatuz eta gure lurraldean egiten diren ur-kirolen eskaintza zabala bertatik bertara ezagutuz.