Kirolur Ur Kirol Festak Bizkaiko ur-kirolen erakusleiho bihurtu zuen Bilboko itsasadarra

Go back

Bilboko itsasadarrean izan zen Kirolur Ur Kirol Festa, ekainaren 20an. Bizkaia Kirolur Kirolaren Europako Lurraldearen esparruan antolatutako jardunaldi parte-hartzailea izan zen, eta, horri esker, lurraldean egiten diren ur-kirolen eskaintza zabala hurbildu zitzaien herritarrei.

Goiz osoan zehar, 11:00etatik 14:30era bitartean, Itsasmuseumeko zabalgunea klub, federazio, kirolari eta ikusleentzako topagune bihurtu zen, urarekin lotutako modalitateak ikusarazteko eta kirola sustatzeko diseinatutako programa batekin.

Une azpimarragarrienetako bat ontziek itsasadarrean zehar egindako ibilbidea izan zen, uretako kirolen irudi bateratua eskaini baitzuen, espazio bera partekatuz eta Bizkaiko kirol nautikoaren aberastasuna eta dinamismoa sinbolizatuz.

Bizkaiko Arraun, Piraguismo eta Bela Federazioak izan ziren eguneko protagonistak, Bizkaian egiten diren uretako kirolen aberastasuna eta aniztasuna jendeari erakutsiz. Horretarako, hainbat modalitatetako ontziak lekualdatu zituzten: batelak, trainerillak eta traineruak arraunean; Optimist eta J80 belan; eta C1, C2, C4, kayak eta Dragon Boat piraguismoan.

Uretako ikuskizunaz gain, bertaratutako pertsonek diziplina horietara hurbiltzeko aukera izan zuten, Itsasmuseumeko zabalgunean jarritako informazio-espazioen bidez, modalitate bakoitzaren ezaugarriak zuzenean ezagutzeko eta dinamizazio-jarduerekin jai-giroaz gozatzeko.

Amaiera gisa, parte-hartzaile guztiek Kirolurren kamiseta oroigarri bat jaso zuten, eta talo txorizoduna dastatu ahal izan zuten. Hala, elkarbizitzarako jardunaldiari amaiera eman zitzaion, itsasadarraren papera indartu baitzuen kirol-jarduerarako agertoki pribilegiatu gisa, eta uretako kirolak herritarrengana hurbiltzen lagundu zuen.